Inicio
banner_recursos_pedagogicos  
 
 webnelly.jpg

 Nelly Ribot

 

A.A.-etan oinarritutako metodologiak zer ekartzen du beste metodologia batzuekin alderatuta?
Benetan ez dago A.A.-etan oinarrituriko metodologia bakar bat, baizik-eta A.A.-en teoria praktikan jarri ahal izateko modu aniztasuna. Hala ere, badago aplikazio ororen azpian dagoen behar bat eta hori da irakasleak bere ikasleak ondo ezagutu behar dituela ikuspegi eraginkorrena zehaztu ahal izateko. A.A.-en teoria aplikatzeko funtsezkoa da ikasleen interesak eta indarguneak ezagutzea, baita euren zailtasunak eta ahuleziak ere. Honela, A.A.-ek esparru bat ematen digute ikasleak banan-banan trebatzeko eta horrela guztiengana heldu ahal izateko, baita ikasteko zailtasunak edo motibazio-maila baxua dituztenengana ere.


 Zergatik laguntzen dute A.A.-ek ikasle “guztiek” ikas dezaten?
 Teoria praktikan jartzeko moduetariko bat da mintzagai bati heltzeko ikasleei “sarrera-puntu” anitz ematea. Sarrera-puntu bakoitzak sistema sinboliko ezberdinak erabiltzen ditu  eta mintzagaia ikuspuntu ezberdinetatik aztertu ahal izatea ahalbidetzen du. Horrela, ikasle bakoitzak, bere adimen-profila zein den kontuan hartu barik, mintzagaian parte hartzeko bere modua aurkitu ahal du, ikasteko motibatuta sentitzeko aukerak handituta.   

Erraza da metodologia hau ezartzea? Zeintzuk oztopo aurki ditzakegu?
A.A.-k egoki aplikatzeko, lehenik eta behin beharrezkoa da teoria ondo ezagutzea. Ideiak praktikan sendotasunez jartzeak ahalegina eta sormena behar ditu, baina denborak, hausnarketak eta talde pedagogikoaren lanak asko laguntzen dute dena errazago izan dadin. Aurki ditzakegun oztopoetariko bat irakaslea deseroso edo zenbait arlotan nahikoa jantzia ez sentitzea da, eta berarentzat desafioa izatea adimen jakinetara bideraturiko jarduerak diseinatzea. Traba hau beste irakasle batzuekin batera lan eginda edo arlo zailenetan adituen laguntza edo aholkularitza bilatuta gaindi daiteke. A.A.-k aplikatzeko oinarrietariko bat, hain zuzen, irakasleek elkarrekin lan egitea da, taldean zehazteko, bikote pedagogikoetan irakasteko eta beste irakasle, zuzendari eta aditu batzuk gonbidatzeko gelako hezkuntza-esperientziak konpartitzera.

Zein emaitza mota lortzen ari da A.A.-k lantzen dituzten ikastegietan?
Bikaintasun akademikoaren lorpenaz harago, A.A.-ekin lan egiten duten ikastegiek ikasle bakoitzak bere burua ezagutzea lortzen du eta ikasten du nola atera bere indarguneei probetxua eta zein zaion erarik onena bere eremu ahulenak lantzeko. Ikasle hauek ikasten dute euren ikaskuntza-prozesuen arduradun sentitzen, euren ideiak argitasunez aurkezten eta bizitzan dituzten helburuak ulertzen. Ikuspuntu ezberdinak onartzen eta baloratzen ikasten dute, kultura eta pentsamolde ezberdinak baloratuta, egungo munduan gero eta gehiago behar diren ezaugarriak. A.A.-ekin lan egiten duten ikastetxeek ekartzen dutena da euren graduatuak eremu akademiko bikainetan sar daitezkeen pertsonak direla, lantalde arrakastatsuak osatu, lidergo rolak hartu eta arazoak sormenaz konpon ditzaketenak.

A.Ak ez dira arazo guztien konponbidea, baina ezbairik gabe pertsona malguak eta euren burua hobeto ezagutzen dutenak garatzen laguntzen dute.